NAFARROAKO TURISMOAK BAT EGITEN DU INAZIOTAR BIDEAREKIN

Nafarroako Turismoak bat egiten du Inaziotar Bidearekin
Inazio Loiolakoak 1522. urtean bere konbertsio espiritualaren ondoren Jerusalem hiri santura iristea helburu zuen erromesaldian bere jaioterritik –Azpeititik– Manresara egin zuen ibilbidea emulatzen duen proiektuan parte hartuko du Foru Gobernuak.

Turismo Gobierno de Navarra.

Turismo Gobierno de Navarra.

Nafarroan barrena lau etapa ditu, Genevilla, Cabredo, Lapoblación eta Meano zeharkatuz Nafarroako ipar-mendebaldean eta Castejón, Tutera, Ribaforada eta Cortes hegoaldean.
Inaziotar Bideak, Loiolako Inaziok 1522. urtean Azpeititik (Gipuzkoa) Manresaraino (Bartzelona) egin zuen erromesaldi-ibilbidea emulatzen duenak, Nafarroan bultzada handia izango du Foru Gobernuaren Turismoko Zuzendaritza Nagusiak proiektuan parte hartuko duelako.
Ibilbidea 2012an sortu zen Jesusen Konpainiaren ekimenez, erromesaldi-esperientzia bat eskaintzeko, San Inazio Loiolakoak egin zuen prozesu espiritualari jarraikiz, eta 27 etapa ditu, Euskal Herrian hasi eta Errioxa, Nafarroa eta Aragoi zeharkatu ondoren Kataluniara iritsiz.
Bideak 2022. urtean 500. urteurrena beteko du, Inazio Loiolakoa jaio zen etxean hasten da eta 650 kilometroren ondoren Manresan ‘Cova de San Ignacio’ izena duen gunean amaitzen da, bertan Inazio hamar hilabetez bizi izan baitzen eremita moduan, Lur Santura iristeko asmoz Erromarako bideari ekin aurretik.

Nafarroako etapak

Euskal Herrian lau etapa eta ehun kilometrotik gora egin ondoren bidea Nafarroan sartzen da ipar-mendebaldetik. Horrela, bosgarren etapak Alda udalerri arabarra Nafarroako Genevilla udalerriarekin lotzen du, bi aukera eskaintzen dituen ibilbidearekin: 23,3 km-ko ibilbide bat, Oteo eta Antoñana udalerrien barrena, eta 18,3 km-ko beste ibilbide bat, Orbiso zeharkatzen duena Nafarroan sartu aurretik.
Hurrengo etapa, seigarrena, Arabara itzultzen da Genevilla eta Guardia lotuz 27 kilometroko ibilbidearekin. Etapa horretan erromesek Nafarroako Cabredo, Lapoblación eta Meano udalerriak bisitatzen dituzte.

Bidea Nafarroan sartzen da bigarren aldiz

Inaziotar Bidea 12. egunean sartzen da bigarren aldiz Nafarroan, Foru Komunitatearen hegoaldetik, eta bertan beste bi etapa egiten dira, oinez edo bizikletaz egin daitezkeenak, erromesek Castejón, Tutera, Ribaforada eta Cortes zeharkatuz Aragoiko tartea hasi baino lehen.
Hamabigarren etapa, 24,6 kilometrokoa, Errioxako Alfaro udalerrian hasten da eta Nafarroan sartzen da Castejonen, trenbidearen bidegurutzera iritsiz, eta hortik Tuterarantz bideratuz.
13. etapa, 36 kilometrokoa, Tuteratik abiatzen da eta El Bocalerantz bideratzen da, eta kanala gurutzatu ondoren Ribaforadara iristen da. Bidearen hurrengo puntua, 10 kilometro egin ondoren, Cortes da, bidearen Nafarroako azken udalerria Aragoiko zatiari ekin aurretik.
Inaziotar Bideak beste erromesaldi-esperientzia batzuekin bat egiten du, adibidez Done Jakue Bidearekin, eta zeharkatzen dituen eskualdeetako ondare-elementuei eta natura-inguruneari balioa ematen die, eta horrez gain etapaka egiten den senderismoko eskaintzarekin bat egiten du, gero eta eskaera handiagoa duen aukera baita.

Seinaleztapenaren hobekuntza eta Jardunaldi Gastronomikoak

Bideak zeharkatzen dituen autonomia-erkidegoek –Euskadi, Errioxa, Nafarroa, Aragoi eta Katalunia– seinaleztapena hobetuko dute; Jesusen Konpainiak duela hainbat urte ipini zituen laranja-koloreko geziez osatuta dago seinaleztapen hori Horretarako bidearen azterketa bat egiten ari dira, 2017an seinaleztapena aldatzeko, informazio-panelak eta noranzkoa adierazten duten zutoinak ipiniz. Era berean, autonomia-erkidegoek liburuxka bat argitaratuko dute elkarrekin, eta beste hainbat marketin-ekintza egingo dituzte, adibidez presstrip, fam trip edo azoketan parte hartzea.
Bestalde, 2016ko azaroaren 12an eta 13an ‘Inaziotar Bidearen I. Jardunaldi Gastronomikoak’ egin ziren Manresan, eta ekitaldian parte hartu zuen autonomia-erkidego bakoitzeko sukaldari batek bere erkidegoko gastronomia tipikoaren jakiak prestatu zituen. Tuterako El Trinquete jatetxeko sukaldariak ordezkatu zuen Nafarroa. Horrez gain, Nafarroako turismo-liburuxkak banatu ziren Inaziotar Bidearen stand espezifikoan.

Erlazionatutako bilaketak